Virtualware eta Ibermática Smart Factory proiektuan: etorkizuneko fabriketarako sistema adimendunak
Virtualware eta Ibermática Smart Factory proiektuan: etorkizuneko fabriketarako sistema adimendunak
29.03.2016
Etorkizuneko fabriketarako sistema adimendunak zabaltzen lagunduko duten teknologiak ikertzea eta haietan aurrera egitea da Smart Factory proiektuaren helburu nagusia. Sistema horiei esker, instalazioak malguagoak izango dira eta prozesu industrialak optimizatu ahal izango dira, haien produktibitatea hobetuz erabateko kalitatearen ingurune batean. Ekoizpen-instalazio baten barne-logistika zurruna izan ohi da, eta eremu hori hobetu nahi du, besteak beste, proiektu honek. Horrez gain, beste arlo batzuetan ere jarriko du arreta: mihiztatze-lanetan robotak erabiltzean eta lankidetzazko lanetan.
Teknologia-hornitzaileen, integratzaileen eta azken erabiltzaileen balio-kate osoa hartzen du kontuan, eta garatu beharreko teknologiaren eragile izango diren industria-aplikazioko hiru agertoki hautatu dira:
- Logistika adimenduna (Automobilgintza): materialen eta osagaien mugikortasun malgua gaitzea egitura gutxiko eta okupazio handiko inguruneetako biltegiratze-eremuen eta ekoizpen-lerroen artean; horretarako, azpiegitura gehigarririk behar ez duten gidari gabeko ibilgailu autonomo zehatzak baliatuko dira. Ez dago aurrez zehaztutako prozesurik ez ibilbiderik, eta zirkulazioa automatokiko egokitzen da.
- Elkarlaneko manipulazioa (Aeronautika): robotak gaitzea piezak mihiztatzeko aplikazioetan objektuak manipula ditzaten, programazio espliziturik gabe. Zeregina modu intuitiboan ere erakuts dakioke robotari.
- Lankidetzazko robotika (Automobilgintza): pertsonen eta roboten arteko elkarlan segurua gaitzea leku murriztuetan eta elkarrekin egiten dituzten zereginetan, robotaren portaera pertsonen mugimendu eta jarreretara egokituz.
Zazpi enpresa hauen partzuergo batek osatzen du proiektua, eta haiek ematen dituzte proiekturako teknologia eta hiru erabilera-agertokiak: DGH (burua), LEYTEC (sentsoreak), VIRTUALWARE (simulazio birtuala), IBERMATICA (IKT, logistika eta nabigazioa), FICOMIRRORS (1. kasua), CESA (2. kasua) eta CONTINENTAL (3. kasua).
Jatorria: Virtualware
Jatorri-data: 14.03.2016