Burdinazkoak ez diren memoria magnetikoak informazioa hobeto pilatzeko
Burdinazkoak ez diren memoria magnetikoak informazioa hobeto pilatzeko
29.06.2015
Xavi Martí eta Ignasi Fina Institut Català de Nanociència y Nanotecnología (ICN2-CSIC) (Espainia) zentroko ikertzaileek artikulu bat argitaratu dute Tomas Jungwirth Pragako ASCR Fisika Institutuko ikertzailearekin batera. Bertan, informazioa antiferromagnetoetan irakurtzeko, idazteko eta pilatzeko erabili diren moduak bildu dituzte. Artikulua IEEE Transactions on Magnetics aldizkarian argitaratu da.
Material ferromagnetikoak norabide bera seinalatzen duten iparrorratz oso txikiz osatuta daude. Kanpoko eremu magnetiko bat aplikatuz manipula daitezke; hala, eremu horrek lehentasunezko noranzko bat defini dezake, hala nola "ipar-hego" edo "hego-ipar". "Ipar-hego" edo "hego-ipar" noranzkoetan ezarritako iparrorratz txikiek informazio magnetikoaren unitatea adierazten dute: kreditu-txartelen bita, garraio-txartelena, disko-gogorrena, etab.. Kasu horietan guztietan, nahikoa indartsua den iman bat memoria horietako edozeinetara gerturatuz gero, ezabatu egingo dira, eta ezinezkoa izango da pilatutako informazioa berreskuratzea.
Sendotasunari begira, memoria antiferromagnetikoak oso aukera erakargarria dira memoria horiek ordezteko, baina garapen-mailan daude oraindik. Material antiferromagnetikoetan, iparrorratz txikiek (momentu magnetikoak) norabide antiparaleloak markatzen dituzte, txandaka. Zaila da kanpoko eremu magnetiko batek konfigurazio hori aldatzea. Modu horretan, perturbazio elektromagnetikoek ez diote eragiten.
Imanek ezin diete eragin material antiferromagnetikoei. Ferromagnetikoei, ordea, bai. (Argazkia: ICN2/CSIC)
Ferromagnetoen "ipar-hego" eta "hego-ipar" konfigurazioaren ordez, "ipar-hego" edo "ekialde-mendebalde" dira informazio-unitateak material antiferromagnetikoetan; hori da informazioa pilatzeko giltzarria. Hau da galdera: nola idatz ditzakegu "ipar-hego" eta "hego-ipar" bitak antiferromagnetoetan, eremu magnetiko batek ezin baditu manipulatu?
Jatorria: Noticias de la Ciencia
Jatorri-data: 05.06.2015