Irango merkaturako prestatzen ari dira jada auto-fabrikatzaileak
Irango merkaturako prestatzen ari dira jada auto-fabrikatzaileak
05.08.2015
Zigor ekonomikoak kentzearen truke aiatolahen erregimenak jarduera nuklearra mugatzeko potentzia nagusiek eta Iranek elkarrekin sinatutako hitzarmen historikoaz geroztik, hango merkatua berenganatu nahian dabiltza marka asko, bai luxuzko autoak egiten dituztenak (Bentley, adibidez), bai fabrikatzaile handiak (PSA Peugeot Citroën...). Irabazi handiak eman ditzake, izan ere, Irango merkatuak.
Kirol-autoak egiten dituen britainiar enpresa ezagun batek ere, Lotusek, jakinarazi du dagoeneko kontzesionarioak ireki nahi dituela Iranen. Volkswagen taldeko markarik garestienak, berriz (Bentley), 2016an ireki nahi du bere lehen denda herrialde hartan.
Nolanahi dela ere, lehendik ere Iranen auto dezente saltzen zuten Frantziako eta Alemaniako fabrikatzaile handiak izango dira aitzindari hango merkatu berrian, sektoreko adituen iritziz.
Ekialde Ertaineko auto-merkaturik handiena da Iranekoa. LMC Automotive aholkularitzaren arabera, klase ertain zabala du Iranek; hori dela eta, handia izango da auto-eskaria, merkatua ireki orduko.
Jatorria: Expansión