Foru Aldundiak 9,5 milioi euro banatuko ditu diru laguntzatan ekintzailetasuna eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna sustatzeko
Foru Aldundiak 9,5 milioi euro banatuko ditu diru laguntzatan ekintzailetasuna eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna sustatzeko
03.07.2015
Kontu sailik garrantzitsuena, 3.015.000 eurokoa, ekintzailetasuna eta enpresa berriak sortzera xedatutakoa da. Atal horretan iaz baino 630.000 euro gehiago jarri dira, eta kopuru hori batez ere erabiliko da emakumeek enpresak sortzea sustatzeko (Emekin) eta oinarri teknologikodun enpresak sortzeko eta haiei laguntzeko (Txekintek, Barnetekin eta Startup).
Beste programa garrantzitsu bat, 3 milioi eurokoa, ikerketa bultzatzeko eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetarako ekipamenduak eskuratzeko izango da.
Azkenik, lehiakortasuna sustatzeko Foru Aldundiaren politikaren hirugarren hanka, internazionalizazioarena da. Programa honen helburua da enpresei kanpoko merkatuetara joaten eta Europar Batasunaz kanpoko merkatuetan beren produktuak sartzen laguntzea. Aurten, 1,5 miloi euro xedatu dira horretarako, iaz baino 300.000 gehiago. Horrela, hobeto erantzun nahi zaie enpresen eskariei, izan ere, hemendik kanpo Gipuzkoako produktuen marketina egiteko eta sustapen jardueretarako laguntza eskaerak egiten dituzte gehienbat enpresek.
Diputatuen Kontseiluak sare ekonomikoa sustatzeko beste kontu sail batzuk ere onartu ditu. Eskulangintzari 501.000 euro xedatuko zaizkio, iaz baino 100.000 euro gehiago.
Horrez gain, Diputatuen Kontseiluak erabaki du aurten abian jarri den adimen lehiakortasunaren programa berria sustatzen parte hartzen duten zientzia entitateen taldean sartzea Elhuyar. Hori dela eta, 150.000 euro jasoko ditu Elhuyarrek. Turismoak beste kontu sail bat izango du, 250.000 eurokoa, Gipuzkoak turismo esparruan duen erakargarritasuna areagotzeko, eta horretarako, programa berezi bat jarriko du abian, turistak erakarriko dituzten kirol ikuskizunak antolatzeko laguntzak emateko.
Jatorri-data: 12.06.2015